lunes, 22 de octubre de 2012

Greba orokorrera deitu dute CCOO eta UGT sindikatuek azaroaren 14an


Kepa ZELAIA

Espainiako CCOO eta UGT sindikatuek herritarrak greba egitera deitu ditu azaroaren 14an. Gizarte Gailurrean aurkeztu zuten lanuztea eta, bi sindikatuok buruan egon arren, beste 150 gizarte talderekin batera egin zuten deialdia.

Lehen greba orokor iberiarra izango da, Espainian eta Portugalen aldi berean egingo baita. Fernando Lezcano CCOOko Komunikazio idazkari nagusiak eman du grebaren berri eta azaldu duenez, greba iberikoa, Europan iragarrita dagoen protesta jardunaldiaren parte da. Izan ere,  Azaroaren 14a, CES Europako Sindikatuen Konfederazioak deitutako mobilizazioa eguna da. Lezcanok azaldu duenez, lanuztea Europako beste herrialde batzuetara zabaltzea posible da, “ batez ere hegoaldera”.

Mariano Raxoik gobernua hartu zuenetik bigarren greba orokorra izango da. Martxoak 29ko grebaren bidez, otsailean onartutako lan erreforma deuseztatu nahi izan zen. Erreforma martxan jarri zenetik ia zortzi hilabete pasa dira, eta sindikatuek, gobernuak hartutako neurriak porrot bat izan direla, eta enplegu suntsitzeko bakarrik balio dutela aldarrikatu dute.

ELA eta LAB Euskal Herriko sindikatu abertzaleek, datozen egunetan erabakiko dute greba orokorraren deialdiaren bat egin ala ez. Horretarako, Irailaren 26ko greban lagun izan zituzten sindikatu eta gizarte taldeekin batu beharko dira. 

domingo, 21 de octubre de 2012

Gaixotasun-baja dauden enplegatu publikoak bere soldataren %50 kobratuko dute

Javier Zubiaga

Funtzionarioen  Sindikatu Zentral Independienteak ziurtatu duenez, Estatuko Administrazioaren gaixotasun-baja hartzen duten enplegatu publikoek lehenengo hiru egunetan soldataren %50 baino ez dute kobratuko. Laugarren egunetik  hogeigarrenera soldataren %75 kobratu ahal izango dute. Eta hogeita batgarrenetik aurrera %100 jasoko dute. Egun arte, berriz, langile publikoek lehenengo 90 egunetan bere soldataren %100 jaso izan dute.

Sindikatutik salatu dute neurri berri hau bidegabe eta arbitrarioa dela, gobernua enplegatu publikoek sektore pribatuko langileek baino absentismo handiagoa duten aurreiritzi okerretik abiatu delako. Baina, sindikatuaren iritziz, neurri berriak gaixoak gaixo egiteagatik zigortzen ditu. Gainera, azpimarratu dute  herri-kontuetarako neurriaren eragina niminoa izango dela, behar dutenek medikuarenera joaten jarraituko dutelako eta,era berean baja hartu behar dutenek hartuko dutelako.

Orain arte, gaixo jartzen ziren langile publikoek soldataren %100 jasotzen zuten; orain, ordea, salbuespen kasuetan soilik kobratuko dute, hau da, ebakuntza edo ospitaleratze kasuetan. Egoera honen aurrean, CSI-Fak alegazio multzo bat aurkeztu dio Gobernuari, neurri berria tratamenduan daudenei zein gaixotasun kronikoak edo kardiobaskularrak dutenei ez aplikatzeko.

CSI-F funtzionarioen sindikatuak berretsi duenez, neurri berri hau uztailaren 13an Gobernuaren lege dekretuan argitaratu zen, bi egun geroago onartu zen eta handik hiru hilabetera indarrean jartzea erabaki zen.

lunes, 1 de octubre de 2012

Argindarra % 2,2 jaitsiko da urrian

Javier Zubiaga Gallastegui

Industria ministroak, José Manuel Soriak, egiaztatu du argiaren tarifa urrian % 2,1 eta % 2,2 bitartean jaitsiko dela; izan ere, Gobernuak erabakia horri eutsiko dio, astearte honetan, irailaren 25ean, enkante elektrikoa % 4,9 jaitsieraz itxi ondoren; hala ere, bidesarien prezioak bere horretan utziko ditu. 
Soriaren esanetan, Gobernuak bidesarien prezioak bere horretan utziko ditu, eta argi utzi du “Espainian argiaren prezioa igotzen bada edo jaisten bada, merkatuaren egoeraren ondorioa izango dela”.
Aurreko enkantea, ekainean ospatutakoa, % 9,3 igoerarekin itxi zen; ondorioz, Azken Baliabideko Tarifak (ABT) % 3,9 egin zuen gora. Honen ondorioz, uztailean argindarren tarifak proportzio berean egin zuen gora.
Aipatu gehikuntza horretaz gain, Gobernuak Gorenaren sententziari men egin zion, izan ere, martxoan Gorenak Gobernua behartu zuen 2011ko laugarren hiruhileko eta 2012ko lehenengo hiruhileko kontsumoak birfakturatzera. Eta berrikuste hori abuztu eta abendu bitartean aplikatu behar zuen proportzionalki; ondorioz, argindarraren ordainagiriak % 7ko igoera izan zuen.
Igoera bi horiez gain, irailean BEZaren gehikuntza izan zen, elektrizitateren kasuan % 18tik % 21era igo zen. Gainera, 2013an argindarren konpanientzat zerga-sistema elektriko berria ezarriko da. Beraz, kontsumitzaileok laster ordainagirian hori ere ordaindu beharko dugu.

Gaztela Mantxak erreskatea eskatuko dio Estatuari


Kepa ZELAIA

Gaztela Mantxako gobernuak 848 milioi euro eskatuko dizkio Erkidegoen Likideziarako Funtsari, zorraren zati bat kitatzeko. Maria Dolores de Cospedalen gobernuak atzo goizeko bileran onartu zuen laguntza eskatzea, eta 2013 aurrekontuetan ere onartuko dute ziurrenik. 

Cospedalek normaltasun osoz hartu beharreko neurri dela adierazi zuen, eta laguntza eskatzeko arazorik ez duela esan zuen: “Ez naiz lotsagorritzen Estatuari laguntza eskatuko diogulako. Ez da ezer gertatzen, ordaindu eta gure betebeharrak bete besterik ez dugu egin behar”.

Cospedalek azaldu zuen Gaztela Mantxak Jose Maria Barredaren (PSOE) gobernuak “heredaturiko” zorra duela. Zor hori dezente handia dela onartu zuen gobernuko presidenteak, 8.000 milioi ingurukoa, hain zuzen. Esan zuenez, bere garaian erkidegoak hornitzaileei ordaintzeko egin zuen bezala, orain ere ELF-ra joko du. “ Bereganatu ditugun finantza zorrak ordaindu nahi ditugu orain ere” gehitu zuen Cospedalek.

Gaztela Mantxaz gain, lau dira dagoeneko Erkidegoen Likideziarako Funtsari laguntza eskatzeko asmoa erakutsi duten erkidegoak: Katalunia (5.023 milioi euro), Murtzia (700 milioi), Valentzia (4.500 milioi) eta Andaluzia ( 4.906 milioi). 

Laguntza hori eskatu nahi dituzten erkidegoek zenbait baldintza bete beharko dituzte, hala nola, sektore publikoa murriztea, barne merkatuari karga administratiboak kentzea eta lehiakortasuna hobetzeko neurriak hartzea.

14 atxilotu eta hainbat zauritu egon dira Nafarroan urteko bigarren Greba Orokorrean

ZABALETA URKIOLA, Garazi

Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako Greba Orokorrak hainbat atxilotu eta zauritu utzi zituen asteazkenean Nafarroako hiriburuan. Goizeko manifestazioan eman ziren istilu larrienak; polizia eta manifestarien arteko tentsioak leher egin zuen eta karga ugari egon ziren Iruñeako kaleetan.

Eguerdiko 12etan hasi zen manifestazioa Gaztelu Enparantzan. Jende andana bildu zen bertan, eta Sarasate Pasealekuan amaitzen zen ibilbidea istilurik gabe egin zuen martxaren buruak. Amaiera ekitaldian ordea, manifestazioaren amaiera iristear zegoela, Polizia Forala oldartu egin zitzaien Sarasaten bildutako grebalariei, gomazko pelotak jaurti zizkielarik behin eta berriz errepikatu ziren kargetan. Nafarroako hiriburuan egondako istiluek 14 atxilotu eta 7 zauritu utzi zituzten. Nafarroako Gobernuaren arabera lau polizia ere zauritu ziren istiluetan, kaputxadun talde batek jaurtitako kristalezko botilen ondorioz.

Sindikatu deitzaileak pozik agertu dira grebak izan duen jarraipenarekin. Patronalaren arabera ordea, irailaren 26ko greba “erabateko porrota” izan da Nafarroan, eta ez du eragin nabarmenik izan ez industrian eta ezta zerbitzuen sektorean ere.

Ekintza legalak polizien aurka

Nafarroako pertsona talde batek, Sabino Cuadra Amaiur koalizioko diputatuak barne, adierazi du ekintza legalak jarriko dituela abian greba egunean manifestariak erasotu zituzten Polizien aurka.

Iruñean egin zuten prentsaurrekoa irailaren 27an talde honetako 6 kidek, karga polizialek kaltetutako 25 pertsonen izenean. Estitxu Urtaran eta Ivan Perezek irakurritako komunikatuan, Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Javier Morrasen eta Espainiar Gobernuko delegatu Carmen Albaren dimisioa eskatu zuten. Gainera, Nafarroako Parlamentuari “ekintza antidemokratiko hauek ez errepikatzeko neurriak” har ditzala ere eskatu zioten.