lunes, 1 de octubre de 2012

Gaztela Mantxak erreskatea eskatuko dio Estatuari


Kepa ZELAIA

Gaztela Mantxako gobernuak 848 milioi euro eskatuko dizkio Erkidegoen Likideziarako Funtsari, zorraren zati bat kitatzeko. Maria Dolores de Cospedalen gobernuak atzo goizeko bileran onartu zuen laguntza eskatzea, eta 2013 aurrekontuetan ere onartuko dute ziurrenik. 

Cospedalek normaltasun osoz hartu beharreko neurri dela adierazi zuen, eta laguntza eskatzeko arazorik ez duela esan zuen: “Ez naiz lotsagorritzen Estatuari laguntza eskatuko diogulako. Ez da ezer gertatzen, ordaindu eta gure betebeharrak bete besterik ez dugu egin behar”.

Cospedalek azaldu zuen Gaztela Mantxak Jose Maria Barredaren (PSOE) gobernuak “heredaturiko” zorra duela. Zor hori dezente handia dela onartu zuen gobernuko presidenteak, 8.000 milioi ingurukoa, hain zuzen. Esan zuenez, bere garaian erkidegoak hornitzaileei ordaintzeko egin zuen bezala, orain ere ELF-ra joko du. “ Bereganatu ditugun finantza zorrak ordaindu nahi ditugu orain ere” gehitu zuen Cospedalek.

Gaztela Mantxaz gain, lau dira dagoeneko Erkidegoen Likideziarako Funtsari laguntza eskatzeko asmoa erakutsi duten erkidegoak: Katalunia (5.023 milioi euro), Murtzia (700 milioi), Valentzia (4.500 milioi) eta Andaluzia ( 4.906 milioi). 

Laguntza hori eskatu nahi dituzten erkidegoek zenbait baldintza bete beharko dituzte, hala nola, sektore publikoa murriztea, barne merkatuari karga administratiboak kentzea eta lehiakortasuna hobetzeko neurriak hartzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario